Euskal Encounter 31 topaketak teknologia berrien zaleak bilduko ditu BECen. Komunitate digital erraldoi bat elkartuko da bertan uztailaren 22tik 25era, eta 150 jarduera baino gehiago gauzatuko dira lau egunetan zehar. 96 orduz jarraian, prestakuntza-ekintzak, lehiaketak eta ekintza solidarioak izan dira, besteak beste, Barakaldoko azoka-barrutian. Euskal Encounter ekimena gisa honetako hitzordu nagusia da Estatuan, tamainari, parte-hartzaile kopuruari eta beteranotasunari dagokienez.
Programatutako 30 tailer eta hitzaldi baino gehiagotan gaurkotasun teknologikoarekin lotutako gaiak jorratuko dira, hala nola adimen artifiziala, Gauzen Interneta, zibersegurtasuna edo bideojokoen sektorea. Ekintza horiek doakoak dira interesa duen edonorentzat, ez soilik topaketako parte-hartzaileentzat.
Euskal Encounter-ak ohiko atalak ere hartuko ditu, hala nola sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta beste jarduerak, programazio ludikoena biltzen duen arloa.
Euskal Encounter-eko partaideek aukera izango dute sormen digitaleko lehiaketetan parte hartzeko, zeinak ikus-entzunezko sorkuntzarik onenak saritzen dituzten. Era berean, dozenaka bideojoko txapelketetan edo software libreko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute. Jarduera horietan informatikariak eta programatzaileak lehiatuko dira, antolatzaileek planteatzen dizkieten erronkei aurre egiteko.
Opengunean, parte-hartzaileei nahiz publiko orokorrari irekitako eremuan, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte, eta Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak gune bat izango du, parte-hartzaile eta bisitari solidarioenen lankidetza bilatzeko.
Teknologia berrien festa honen beste une deigarrienetako bat Cosplay lehiaketak izango dira. Horietan, lehiakideek euren trebetasun eta estiloa erakutsiko dute manga, anime, bideojoko eta telesaileko pertsonaia mitikoen janzkera sortu eta haien antzera desfilatzeko garaian. Antolatutako bi lehiaketak, Runway eta Contest, uztailaren 22an, arratsaldez, egingo dira.
Edizio honetan, gainera, euskal informatikaren festak streaming eremu bat izango du berriro, mundu digitalean hedapen handia duen sektore honetako eduki sortzaileek ere euren lekua eduki dezaten bilkuran. Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko gune hau izan zen iazko berrikuntza nagusia, eta harrera bikaina ikusita, tarte bat lortu du urteroko egitarauan.
Euskaltel Fundazioa arduratzen da Euskal Encounter antolatzeaz, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Euskaltelen babesarekin. Telekomunikazioen euskal enpresa, gainera, Interneterako sarbidea ezartzeaz arduratzen da, segundoko 60 gigabiteko abiadurarekin.