Adimen artifiziala izango da protagonista uztailaren 22tik 25era Bilbao Exhibition Centren egingo den Euskal Encounter topaketa teknologiko erraldoian. Prestakuntza-eskaintzaren zati handi bat, hain zuzen ere, azken urteotan izugarri areagotu den fenomeno horrek dakartzan erronkak eta aukerak aztertzera bideratuta egongo da. Gaur goizeko prentsaurrekoan, Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta partyaren koordinatzaileak, gogorarazi du 2019an ere adimen artifiziala izan zela partyaren lelo, baina ordutik hona "jauzi handia" eman dela arlo horretan. Hain justu, 31. edizioaren goiburua, ‘The beat of technology’ (‘Teknologiaren pultsua’), mundu teknologikoa irauli duen Chat GPT ospetsuari galdetuz sortu da.
Euskaltel Fundazioak antolatutako teknologia berrien Estatuko hitzordu nagusiak 3.600 ordenagailu baino gehiago eta milaka parte-hartzaile eta bisitari bilduko ditu 96 orduz. Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta Euskaltelek babesten duten ekimen honetako partaideek 150 jarduera eta lehiaketa baino gehiagotan esku hartu ahal izan dute sormen digitalaren, hardwarearen, software librearen, streamingaren eta bideojokoen arloetan. San Vicentek ziurtatu duenez, "pandemiak, salbuespenik gabe, horrelako topaketetan eragin duen kolpearen ondoren, euskal partyak bere ohiko parte-hartze zifrak berreskuratzen ari da urtez urte. Aurten % 20tik gorako hazkundea izan da 2022ko datuekin alderatuta", jakinarazi du.
Euskaltel Fundazioko zuzendariaren esanetan, topaketaren helburu nagusia "gaitasun eta talentu oso ezberdinak dituzten pertsonak bateratzeko, ezagutzak partekatzeko eta proiektu berriak sortzeko" gune bat eskaintzea da. Izan ere, partyak iaztik agerian geratu den fenomeno bati erantzuna emango dio: "Euskal Encounter familiarteko bilkura bihurtzen ari da, parte-hartzaile beteranoenak euren seme-alabekin hurbiltzen ari baitira egun hauetaz gozatzera". Horregatik, programatutako jardueren artean adin guztietarako aukerak izango dira.
Opengune, publiko orokorrari zabalik dagoen eremua
Euskalteleko zuzendari Jon Ander de las Fuentesek ekitaldiaren prestakuntza-bokazioa azpimarratu du. Hain juxtu, gaurkotasun informatikoari buruzko 30 hitzaldi eta tailer baino gehiago eskainiko dira, doan, Opengune eremuan. Gune hori zabalik egongo da interesa duten guztientzat, eta teknologia berriekin lotutako enpresa eta erakundeen standak ere hartuko ditu. "Teknologiaren abangoardian" egoteko apustuari helduz, euskal telekomunikazio taldea arduratuko da, urtero bezala, segundoko 60 gigabiteko interneterako konexio bizkorra ahalbidetzeaz.
Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak, SPRIren prestakuntza-eskaintza azaldu du. Zortzi tailer eta hiru hitzaldi eskainiko ditu euskal topaketan; besteak beste, machine learning, gauzen interneta, zibersegurtasuna, bideojokoak eta metabertsoa bezalako gaien inguruan.
Bestalde, Joseba Mariezkurrenak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusiak, adierazi du Euskal Encounter topagune bikaina dela teknologia "eraldaketa eta aurrerakuntzarako motor" gisa ikusten dutenentzat. Era berean, bilkurak "ezagutzak elkarbanatzeko, irakatsi eta ikasteko nahiz elkarlanean hazteko gogoa" duten pertsonak elkartzeko gaitasuna duela azpimarratu du.
Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, txalotu egin du Euskal Encounterren ibilbide luzea eta milaka lagunentzat duen erakargarritasuna. BBK-ko arduradunak, ekitaldiaren babesle gisa, harro dagoela adierazi du, "teknologia zaleentzat, profesionalentzat, gamer-entzat eta artista digitalentzat erreferentziazko" topaketa batean parte hartzeagatik. Gainera, bere hitzetan, BECen bilduko diren milaka pertsonak, zaletuak eta profesionalak "funtsezkoak dira eta izango dira gure etorkizunerako", euren talentuari eta ezagutzari esker.