Abian da Euskal Encounter 31, teknologia-topaketa erraldoia. Lau egunez, hamaika ekintza hartuko ditu barne, teknologia berriak gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzeko erronkarekin. Hala nabarmendu dute agintariek gaur goizean egin den inaugurazio ekitaldian. Uztailaren 25era arte, BECek Estatuko party dekanoa hartuko du. Gisa honetako bilkura handi eta jendetsuenak 4.000 ordenagailu inguru hartuko ditu 35.000 metro koadroko eremuan, eta datozen egunetan milaka bisitari jasoko ditu.
Dagoeneko, Opengunek, jendearentzat zabalik dagoen eremuak, ikuspegi ikusgarria eskaintzen du. Jende asko dabil gune horretan dauden standetako berrikuntza teknologiko nagusiak bertatik bertara ezagutzen eta probatzen.
Gainera, ekitaldi teknologikoak barne hartzen dituen arloetako jarduerak eta lehiaketak hasi dira jada. Sormen digitala, hardwarea, software librea, streaminga eta bideojokoak dira, hain zuzen ere, bost atal nagusiak, eta partaidetza zifrak oso onak izaten ari dira.
Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta Euskal Encounter topaketaren koordinatzailea, oso pozik agertu da edizio honetako parte-hartzaile kopuruarekin, 2022 urtearekin alderatuz % 20 handitu baita. Pandemiak ezarritako murrizketa handien ondoren, Euskal Encounter bere ohiko zifrak berreskuratzen ari dela adierazi du. Gainera, ekitaldiaren hedadura handitzeko eta etorkizunean hiru pabilioi hartzera iristeko aukera dagoela aipatu du, hau da, Opengune eremuari pabilioi oso bat eskaintzeko.
Era berean, Joseba Mariezkurrenak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusiak, digitalizazioaren zale amorratuentzako topagunetzat jo du Euskal Encounter, "teknologia berriak gizartea eraldatzeko tresna gisa ikusten dituztelako", hain zuzen. Ikuspegi horrekin erabat ados agertu ondoren, nabarmendu du foru erakundeak prozesu hori babestearen alde egin duela, "pertsonen ongizatea eta enpresen garapena" lortzeko.
Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariagak azpimarratu du parte-hartzaileek lau egunez esperimentatzeko eta ikasteko aukera dutela, eta, beraz, administrazioek ekimen hau babestu behar dutela baieztatu du, "dagoeneko errealitate bat" den iraultza digitala suspertzeko.
Bestalde, Euskalteleko zuzendari Jon Ander de las Fuentesek Euskal Encounterren nortasuna goraipatu du, eta pozik agertu da euskal enpresa ekitaldi berezi honen babesle nagusi izateagatik. Gainera, "sareaz, azpiegituraz eta aukerez gozatzeko" deia egin die parte-hartzaileei.
Era berean, Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, Euskal Encounterreko antolatzaileak zoriondu ditu, eta euskal hitzordua bokazio teknologiko berriak eta talentua bultzatzeko gune izateagatik goraipatu du.
Euskaltel Fundazioa Euskal Encounter antolatzeaz arduratzen da. Babesleak Eusko Jaurlaritza da (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Euskaltel dira. Telekomunikazioen euskal taldeak ematen die partaideei Interneterako sarbidea, segundoko 60 gigabiteko abiadurarekin.