Konputazio kuantikoaren ustiapen komertziala errealitate bat da jada. Samuel Vidal Gallegok, Quantum Machine Learning-eko ikerlari eta Fisikan doktoreak, Euskal Encounterren adierazi duenez, teknologia hau dagoeneko gai da problema matematiko mordo bat modu eraginkorrean ebazteko, eta, horri esker, mundu osoko hainbat enpresa aitzindarik ekoizpen prozesuetan erabiltzen ari dira. "Oraintxe bertan, konputazio kuantikoak funtzionatzen du; zertarako erabil dezakezun jakitea da kontua", ziurtatu du adituak.
Samuel Vidal Gallegok nabarmendu duenez, nahiz eta 5 edo 10 urte falta diren akatsekiko tolerantzia duen ordenagailu kuantiko digital unibertsal bat izateko, azken urteotan itxaronaldi hori laburtzeko gai izango liratekeen ikerketa-lerroak garatzen ari dira. Eta, aldi berean, konputazio kuantikoaren potentzialtasuna aprobetxatzen hasteko formula bat aurkitu dutela azpimarratu du, zehazki, ordenagailu kuantiko analogikoen bidez. Horietako bakoitza arazo jakin bat konpontzeko eraikita dago, eta hori askoz azkarrago lortzen du energia-gastu txiki batekin. Etorkizunerako erronka ordenagailu kuantiko analogikoetatik digitaletara jauzi egitea da; ordenagailu tradizionalek egin zuten bezala.
Arrakasta izan duten kasuen artean aipatu du Los Angeleseko (AEB) portuko hirugarren terminalik handienean ezarritako potentzia kuantikoa duen adimen artifizialeko motor bat. Erabakiak arrakasta logistikoa izan du, eta, horri esker, denborak eta kostuak arindu eta 60 entregatik 97 egitera pasa dira egunero. Horrelako esperientziei errealei esker baikor ageri da Vidal Gallego, konputazioa kuantikoa garatzen laguntzen baitute.
Gainera, konputazio kuantikoaren beste aplikazio batzuk zerrendatu ditu, teknologiaren egungo garapenaren arabera. Garraioan, industrian, finantzetan eta baita adimen artifizialean ere erabil daitekeela baieztatu du.
Euskal Encounterren emandako beste hitzaldi batean, BAICeko (Basque Artificial Intelligence Center) Iñaki Suarez Belmontek Adimen Artifizialak enpresen lehiakortasuna eta eraginkortasun orokorra hobetzeko izan dezakeen eragina aztertu du. Era berean, adierazi du dagoeneko negozio-aukera berriak sortzen ari direla, baita gero eta gehiago eskatuko diren profil profesional berriak ere.
Festa teknologiko jendetsua
Estatuko lanparty nagusia arrakasta handia lortzen ari da. Gaur, astelehena, 38 jarduera gauzatzen ari dira, 10 prestakuntza-ekintza barne; eta, lehenengo bi egunetan bezala, parte-hartze handia izan da nagusi. Opengunea, publikoari irekitako eremua gaur gauera arte egongo da zabalik, eta bisitari kopuru handia ari da jasotzen. Bertan daude partyan ezarritako enpresa teknologikoen standak, eta hemen eskaintzen dira edizio honetako 30 hitzaldi eta tailerrak.
Euskaltel Fundazioa Euskal Encounter antolatzeaz arduratzen da. Babesleak Eusko Jaurlaritza da (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Euskaltel dira. Telekomunikazioen euskal taldeak ematen die partaideei Interneterako sarbidea, segundoko 60 gigabiteko abiadurarekin.