Euskal Encounter 31 topaketak balantze oso positiboarekin itxi ditu ateak: 3.600 ordenagailu baino gehiago konektatu dira sarera eta 4.300 parte-hartzailetik gora elkartu dira BECen egunero. Edizio honetako datu aipagarrien artean, nabarmentzekoa da programatutako 150 jarduera baino gehiagotan parte hartze handia izan dela eta Opengunera pertsona ugari bertaratu direla, enpresa teknologikoen standak bisitatu eta 30 hitzaldi eta tailerretan parte hartzera.
Lau egunez, uztailaren 22tik 25era, Euskal Encounterrek hartutako 35.000 metro koadroak topagune digital erraldoi bihurtu dira, eta parte-hartzeak gora egin du aurreko edizioarekin alderatuta. Bertaratuen arteko giro ona eta elkarlanerako gogoa, beste behin ere, ekitaldiaren ezaugarri nagusi izan direla nabarmendu dute antolatzaileek, baita parte-hartzaileen jarrera eta lankidetza eskertu ere.
Euskaltelek emandako Interneterako sarbideak, segundoko 60 gigabitekoak, konexio oso egonkorra eskaini du, eta programatutako jarduera guztiak, eta bereziki bideojokoen lehiaketak, baldintza ezin hobeetan garatu ahal izan dira.
Edizio honetako berrikuntza gisa, sarrerak denbora errealean kontrolatzeko sistema berri bat ezarri dute ekitaldiaren antolakuntzako kide diren ingeniariek, ekitaldirako bereziki sortua. Arrakasta handia izan du sistemak, bilkurako eremuen arteko pasabideak azkar eta eroso kudeatu ahal izan baitira.
Era berean, lehen aldiz jarri da martxan ‘super core’ berri bat, hazteko ahalmen handia duena eta segundoko 800 gigabiteko konektibitatea eskaini dezakeena. Bere funtzionamendua oso positiboa izan da, egonkortasun handia eman baitu. Beraz, hurrengo edizioetako sare-prestazioak handitzeko funtsezko pieza izango dela aurreikusi dute.
Zifrak berreskuratuz
Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketa teknologikoaren koordinatzailea, pozik agertu da amaitzear dagoen edizio honen emaitzarekin. Bereziki nabarmendu du parte-hartzaileen kopuruak gora egiten jarraitzen duela eta dagoeneko pandemiaren aurreko zifretara hurbiltzen ari dela.
San Vicentek adierazi duenez, hurrengo edizioan Openguneak are eduki gehiago izango du, agerikoa baita interes handia pizten duela, bai ekitaldiko partaideen eta bai bisitarien artean.
Datu gisa, topaketara gero eta familia gehiago etortzen direla egiaztatu ahal izan da edizio berri honetan. Nagusiki Euskal Encounterreko parte-hartzaile beteranoak dira euren haurrekin bertaratzen direnak. Egoera hau kontuan hartu du antolakuntzak adin guztietarako jarduerak planifikatzeko orduan.
Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskal Encounter, eta babesleak Eusko Jaurlaritza (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Euskaltel dira.